2013/01/24

BIGARREN ROUND-A

... Eta minutu bakar batean, segundo bakar batean, hamar urte zahartuko banintz bezala sentitzen naiz. Hain babestuta eduki izan nauen inozentzia galtzean, zimur dozena bat azaltzea eragin du bat-batean. Bigarren round-a hasi da eta ematen duenez hiru minutu baino gehiago iraungo omen ditu. 

Berriz ere gizartea desgizartaratzen dutenen makinaria martxan zentrifugazio prozesuan gainera. Berriz ere inpotentzia, amorrua, galduta. Gehitu diezaiogun horri urruntasunaren adierazle izan omen ginela aipatu ziguten horien urruntasuna eta koktel bikaina egiten dugu. Gorrotoak jadanik ez du min ematen, geldotasuna pasibotasuna ordea izotza sortzen hasten da eta urtarrilan gaude, negu gorrian erabat barneratuta, hori urtzea beraz zail xamar ikusten da. Are gehiago, besoak mugitu gabe norgehiagoka irabazten ari dizutela ikusten denean izotza bitan, hirutan, ez dakit zenbatetan, zatitzen dutenean nabaritzean.  

Bigarren asaltoa dela jakina da, bigarrena bakarrik, borrokaldia luzea izan daiteke zalantzarik gabe baina ni badaezpada  esku-ohila eskuan daukat jadanik. Oraingoz izerdia begietatik aldentzeko, ea era horretan gutxienez hobeto ikusten dudan aurrez-aurre daukadan iceberg erraldoia, baina ukabila irekitzeko gogoa sentitzen hasia naiz. 

Nerabetasuna geltoki bezala duen bidaia honetan zimurrak bidea izatea agian bide okerretik joatea esan nahi du. Hirugarren Round-era aurkeztuko dugu geure burua, masail pare eta guzti, laugarrenera ordea...

No hay comentarios:

Publicar un comentario