Eta etorri zen moduan, joan egin zaigu urteko urtarorik beroena eta argi gehien uzten diguna. Argiak eta honek eragindako itzalak ere. Sorosle izan nintzen garai haietan ederki ikasi nuen moduan guardasolan azpian egonda, itzaletan beraz, askoz hobeto ikusten da dena, argia dagoen tokian suertatzen ari den oro, eta gainera gardentasuna mantentzeko aukerak gehiago dira. Hau jakinda, uztailaren 4an bainujantzi gorriarekin, betaurreko beltzak eta flotagailu eder batekin aurre egin nion udarari eguzkitakoaren azpitik eta zerumugara begira berriz ere argiak pizteko ametsarekin. Orain atzera begiratzeko parada heldu da eta eskuratutako guztiaren zerrenda egitekoa:
Lortzeke dauden ametsak, zaharrak zein berriak. Agurrak, behin betiko agurrak, biziaren balioa eta norbera zein besteak sentitzerena. Laguntasuna, ilusio sortzeak, ondo tratatua sentitzearen ongizatea, adrenalina, barruko umearen azalaratzea. Eskuratutako irrifarrak. Abestiak. Ulertu ezin diren jarrerak, hiztunen isiltasun triste eta deigarriak, eskertzen diren interesak eta sumintzen dutenak. Pasioak, irabazten duen galtzailearen poztasun magikoa. Bortizkeria, errealitate gordinaren ezagutza hunkigarria, gehiago jakitearen nahia eta jakite horren nahi ez izana. Lau izatearen batasun berezia, mugak zabaltzearen handitasun txikia. Familia, sentimenduak, bizia ematen dutenen balioa, maitasuna, garrantzitsua, beharrezkoa izatearen onura. Tokiak, lekuak, hiriak, herriak, berriak zein ezagunak eta ezagutzeko ezagutu gabe gelditu direnak, hemen, han, galduta, aurkituta, bakarrik eta hainbestekin.
Bukatu da sorosle lana jada, orain datorrena eta era berean joango dena udazkena baita. Korronteak markatzen du itsarorako bidea, zerumugara agian, argira behar bada ¿errezegia akaso? ¿Zorira etorkizuna uztea errezagoa oraindik? Auskalo, baina baten batek amore ematea pentsatu badu ni oraindik ez.
No hay comentarios:
Publicar un comentario