2013/09/28

IRAILAZ GAIN

Iratzeak azaldu dira berriz ere eguzki izpi luze eta zabalei hurrengora arte esanez. Heldu zaigu Iraila eta berarekin udazkena eta beste hainbat gauza eta egoera.

Ailegatu dira "mounstruo" zahar-berriak, gehienak maitagarriak, bi, hiru, edo hogeita hamar ez hainbeste, baina gehienak bai. Hasieratik udara bukatua zegoela demostratzeko nahi eta ekintzekin azaldu dira gainera. Hara hona borrokak berrezagutzeko aukera aparta, hain altu igo eta era berean hain baju erortzearen ondorioak, hormonak binbili-bonbolo paseatzeko unea eta argiak ez direla bakarrik erortzen ondorioztatzeko momentua (oraingo honetan metafora beste baterako utziko dugu).

Irailak ere, izar txuri disdiratsu eta urdin ederrez betetako ametsak, lainotu eta difuminatu egin daitezkeelaz ohartarazi gaitu. Lehoi buru izatetik gentozen eta orain ematen du ez dakigula zer garen, isatsa, xagu-buru hala bertigoa duen lepoluze horietako bat.

Hil honetan, ezin ukatu, heldu dira irrifarrak ere, irrifar ederrak omen direnak, ederrenak seguraski, auskalo, ikusi ezin direlako, irakurri besterik ez, baina dena dela irrifarrak, poztasuna erakusten duten horietakoak, transmititu, kontagiatu baino gehiago berekoikeri pittin baten adierazle direnak, baina irrifarrak; mintzen duten galdera erretorikoz hornituta hori bai. Eta mingarriena ez da egoera, baizik eta oraindik ere mintzea. Ohitu beharra dago, ez da besterik gelditzen, horretara eta baita bihilabetero sortzen diren eztabaidetara ere. Sentitzen uztearen zeharkako ondorioak agian.

Sokatiran aritzeko hogeita hamar egun ere izan dira, zurekin edo zure kontra aritzeko unea, nirekin ala nire aurka egoteko momentuak. Kanpo gatazka zein barnekoa, kanpoko agenteen kontra eta baita barruko ideia ezberdinen artekoa, zoritxarrez gainera hau luzerako doa, bitartean ikasi eta ahal den heinean, disfruta dezagun norgehiagokaz. Eta sokatira ez da izan kirol bakarra, beste asko egon dira, baina arineketan ibiltzeak atsekabea sortzeko balio duela ere jakin banekien lehenagotik, ikaskuntza berria, errodatzeak ere eragin dezakeela ezintazun nazkagarrira heltzen izan da, hain zuzen ere.

Orain iskutatu den argia berreskuratzeko, mendian zehar ibiltzea tokatzen da, muinoz haratago, mugez haratago, ea Shambhala berrikusteko aukera sortzen den.

No hay comentarios:

Publicar un comentario