Zortzi hilabete jada taxi hartatik jeitsi eta aireportuan barneratu nintzala agur esaten magikoa omen zen hiri hartatik. Zortzi hilabete arantza kendu ezinik, bazen beraz, berpizteko unea, zahartasunetik ikasiz, gazte, bizi, sentitzeko unea; eta hantxe nengoen, berriz ere taxi batean, baina oraingo honetan aireportutik aldetzen, hiri magikoari kaixo esanez.
Ilargiak ongi etorria eman zidan, eta hari esker ezagutu ahal izan nuen alde zaharreko plaza nagusia, Staromestske Namesti, eta baita Carlos IV.aren zubi ikusgarri eta famatua. Ilargiari esker diot, Bilbo eta Düsseldorf-eko garagardoengatik izan balitz ohean geldituko nintzatekeen eta Txekiar Errepublikako hiriburara heldu nintzanean, Tyn Hosteleko koltxoia eta almohadaren erosotasuna frogatu besterik ez nukeen egingo, baina ilargiaz eta bihozkada batez bultzatuta hiriaren bihotza sentitu ahal izan nuen.
Hurrengo egunetan ezagutu ahal izan nituen hiriko gainontzeko auzoak ere, ezberdinak izan arren denak magikotasun, edertasun zisku batez ikututa. Baina agian ederrenetatik ederrena, ibaiaren mendebaldera gelditzen zen Mala Strana izan zen. Bertan Katedral nagusia eta Pragako gaztelua. Bertan ere, Nobleen etxe ikusgarriak hornitzen zituzten lorategi harrigarriak, Tenpluak, Eiffel dorrea baino altuago dagoen Eifel dorrea, zeinetatik Praga osoa bistaratzeko aukera daukazun. Eta hantxe ere, usain erromantiko erraldoi bat, norberarekin zoazenean itotzeko aukera eskaintzen zuena. Hori dela eta, hoberena funikularra hartzea izan zen zonalde modernoan barneratzeko eta neure buruari esateko, auzo txikira, bihotzak maizterren bat duenean bueltatuko naizela
Nove Mesto-n aurreko urtean London edo Stockholm-en galduz, ni aurkitzeko izan nuen sentsazio haiek berreskuratu nituen. Auzo hau, aipatutako beste bi hiriak bezain kosmopolita izan ez arren, badu hiri handien kutsu berezi hori, zeinetan, bakarrik joanda ere inoiz ez zauden bakarrik. Argiak, etorbide nahiko zabal eta luzeak, garagardotegi tradizionak neoizko zulo zabaletaz nahastuak, beraiengana erakarri nahi zaituzten bizitza txarreko gizon zein emakumeak eta historikoki, hiriaren une garrantzitsuenetan, jende gehien bildu duen Wenceslao plaza ikaragarria.
Iparraldean, Judutarren getoa izandakoarekin topatzeko aukera dago. Ederra ez den hiriko zonalde bakarra, baina bere xarma duena hala ere. Derrigorrezko bisitaldia ezagutu ahal izateko gizakiok zer egiteko gai garen eta batez ere, zer ez dugun egin behar jakiteko. Sinagogak non nahi, Kafka-ren buru handiz egindako bururik gabeko estatua eta batez ere galdu ezin den eta nik galdu nuen judutarren kanpo santua.
Baina, nire egoeran, Pragan nonbaiten berezi sentitu banintzen, hori Stare Mesto-n izan zen. Bertan, jakina, erloju astronomikoa ikusi ahal izan nuen, Tyn eliza, eroritako udaletxea, bertako produktuak eskeintzen zituzten postu xarmangarriak, hiriaren aintzineko sarrera izan zen bolboraren dorrea, baina baita, sua norberan iskutatuta dagoela aurkitzeko tokiak eta batez ere, begiak txikituz ni neu haundi ikusteko aukera ematen zuten garagardotegi tradizional eta bereziak.
Eta heldu zen Argentina eta Arrasateko azentuaz eta piano baten soinuaz kasu honetan, hiriaz beste behin ere agurtzeko garaia, taxian berriz ere Pragatik aldendu eta bertako aireportura gerturatzeko unea, baina kasu honetan jadanik, arantza bat izan gabe bihotzean, hauxe hutsik izanda erabat.
No hay comentarios:
Publicar un comentario