Bazen behin, ohianean pozik bizi zen Sinba izeneko lehoitxo bat. Benetan estimatua zen bertan bizi ziren animalia guztiengatik; Krokodriloekin sarritan egoten zen jolasten, tximu jakintsuarekin askotan isotirioak kontatzen, elefantearekin maiz paseo luzeak ematen edota hipopotamoarekin lokatz bainuak hartzen ordu luzeak pasatzen zituen.
Hala ere, Sinbak beti gauza bera galdetzen zion bere buruari "zer egongo ote da oihanatik kanpo?". Bere ametsa beste mundu batzuk ezagutzea zen, baina bere amak ez zion uzten bere bizilekutik ateratzen.
- Amatxo! atera naiteke ohianetik mundua ezagutzera?
- Ez Sinba, ez. Oso arriskutsua da, hemen erregea zara seme, baina kanpoan... kanpoan bizitza arriskutsua da.
Gau batean, dena ilun eta lasai zegoela, gure lehoitxoa esnatu egin zen bapatean soinu bat entzutean. Begiak ireki, belarriak puntan jarri eta musika entzuten hasi zen. Poliki-poliki eta inongo zaratarik egin gabe, bere familiakoak ez esnatzeko, soinu arraro hura zetorren tokialdera hurbiltzen hasi zen.
Lehenengo lo zeuden bufaloen sabana pasa zuen, gero zebraz beteta zegoen lakua, beranduago gaua argitzen zuten ipurtargi mordoa zegoen basamortutxoa eta azkenekoz amak beti ez pasatzeko esaten zion mendixka berde hura. Beldurtzen hasia zen Sinba, lehendabizikoz bere amari ez zebilen kasorik egiten, eta behin baino gehiagotan pentsatu zuen buelta ematea baina entzuten zuen musika hark erakartzen zion.
Menditxoaren gailurrera heldu zenean inoiz ikusia ez zuena azaldu zen bere begien aurrean. Etxe handi-handi bat ematen zuen eta bere gainekaldean argi ikusgarri batzuekin "Zirkoa" jartzen zuen. Zer izango zen hitz arraro hori "Zirkua"...
Bertara hurbiltzea erabaki zuen, tentu handiz hori bai, ez zen fidatzen eta. Arriskutsua izan zitekeelakoan dena erne-erne begiratzen zuen, pausu txiki eta seguruak ematen zihoan eta bere aurrean aurkezten zen edozer ikutu aurretik atentzio handiz usaintzen zuen.
Jadanik musika bertan zuen. Bere atzaparrekin etxe handi hura ikutu zezakeen eta bertan zegoen zulotxo batetik, barruan gertatzen ari zena ikusi ahal izan zuen. Bertan zeuden gizon batzuk piruetak eta txiribueltak egiten, neska para bat bere gorputza erabat doblatzeko gai zirenak, hiru mutiko malabareak egiten koloreetako bola batzuekin eta baita ikaragarri barregarriak ziren sudurgorri batzuk. Ikusgarria zen benetan!
Halako batean Sinbak hitz batzuk entzun zituen bere atzealdetik zetozenak:
- Psss! Pssss! Eiii! Lehoitxooo! Lehoitxooo!
Sinbak atzera begiratu zuen eta burdin barra batzuen atzean zeuden mangosta eta garotxo basurde ikusi ahal izan zituen.
- Hi! Timon eta Punba gaituk! Irekizak ate hau! Azkar! baina erne ibili hadi horko gizon potolontxi horrekin!
- Ze ba?
- Harrapatzen bahau kaiola hautako batean sartuko hau eta betirako geratu haiz zirkoan.
Amak arrazoia zeukan, ohinatik kanpoko bizitza arriskutsua izan zitekeen. Sinba benetan urduri zegoen. Hasi zen bi animalia horien kaiolara hurbiltzen eta gizon potolontxio hura ikusten zuen bakoitzean geratu egiten zen, iskutatu, erabat geldirik, kamuflatuta egongo balitz bezala. Batzutan ere txistuka hasten zen disimulatzeko asmoarekin. Azkenean lortu zuen kaiolara heltzea eta baita atea irekitzea ere. Timon eta Punba aske ziren baina zailena geratzen zen oraindik, handik ateratzea "Potolontxi" ikusi gabe.
Hatzapar-puntetan hasi ziren hiruak ibiltzen, poliki, lasai, isilik... Xuabe, goxo... baina halako batean basurdetxoak, ezin izan zuen barruan zeukan puzkerra bota gabe aguantatzen.
- PRRRROOOOUUUUUMMMMM!!!
Orduan "Potolontzik" buelta eman zuen eta han ikusi zituen Sinba, Timon eta Punba. Beraien atzetik korrika hasi zen eta gure hiru animalitxoak ere arineketan ibili ziren azkar azkar, luzaroan mendixkara heldu arte. Gizona hain potolo zegoen mendi aldapak ezin zituela igo eta horregatik lehoitxoa, mangosta eta garatxo basurdea mendi gailurrera heldu zirenean aske sentitu ziren betirako eta ohianerako bidea egiten hasi ziren bertan zorioontsu bizitzeko.
Basamortuan zeuden ipurtargi guztiak beraiekin bidaiatzea erabaki zuten, lakutik pasatzean zebrak ere batu zitzaizkien eta sabanako bufaloak denak hain pozik zeudela ikustean beraiekin ohianera joatea erabaki zuten ere.
Horrela, denak batera, manta honen goxotasuna sortzea lortu zuten.
No hay comentarios:
Publicar un comentario