Mitxela Karrakela
Mitxela karrakela pozik bizi zen itsas hondoan. Itsaslasterren erritmora kulunkatzen zen, eguzki-izpiak bilatzeko harearen gainean deskantsatzen zuen eta noizean behin paseoak ematen zituen.
Egun batean zera esan zion karramarro batek:
- Bizi naiteke zurekin?
Mitxelak, gogoeta egin ondoren, erabakia hartu zuen: ermitaua izango zen, aspaldiko asaba bat bezalako.
Hasi ziren biak, karramarroa eta karrakela elkarrekin bizitzen, hura honen barruan egoten. Baina hasi eta gutxira arazoak sortu ziren. Karramarroak sudurrean sartzen zituen matxardak, hotsa ateratzen zuen jateko orduan, ez zuen garbiketan laguntzen eta, txarrena, haren “uzkerrek” gure Mitxela karrakela guztiz zorabiatzen zuten.
Goiz batean, Mitxelak, pazientziaz eta errespetuz, gauzak nola egin behar ziren azaldu zion karramarroari.
- Hara, sudurrean ibiltzea gauza itsusia da eta, gainera, min eman dezake.
- Aho itxiaz mastekatu behar da.
- Beti lagundu behar da bizilekua garbitzen eta ordenatzen… eta “uzkerren arazoa” sendatzeko Itsaso doktorerengana joan behar zuen.
Karramarroa isilik geratu eta etxetik atera zen… eta zenbait egunez kanpoan izan zen. Itzuli zenean, Mitxelarekin hitz egin zuen… eta bien artean, biak batera egoteko, elkarrekin pozik eta gustura bizitzeko, gauza batzuk kontuan hartu, ados erabaki eta, ez ahazteko, zerrendan idatzi zituzten.
Aurrerantzean ondo moldatu eta oso zoriontsuak izan ziren. Karramarroak paseatzera eramaten zuen Mitxela… eta karrakelak babestu egiten zuen karramarroa itsasoa zakar zegoenean.
No hay comentarios:
Publicar un comentario