2011/11/29

BIZITZAREN BIZIA

Askotan esnatu eta badakizu zure eguna nondik nora joango den, sumatzen duzu irrifarrek "muxturrei" irabaziko ote dioten. Nahikoa izaten da keinu bat, axolarik gabeko axoladun gauza txiki haundi horietako bat egunari hasiera berezi bat emateko eta ondorioz egun guztia jadanik berez berezia bihurtzeko. Batzuk bizipoza deitzen diote, agian beste batzuk bixigarri; niri bizia deitzea gustatzen zait. Bizitzaren bizia.

Iraila izango zen "bizi" horietako bat bizitzan aurkeztu zitzaidanean. Gau hura hotza izan omen zen kotxeen kristal guztiak ihintzaz bustirik zeuden eta. Egunero bezela etxetik atera eta kotxera zuzendu nintzen lanera joateko asmoarekin eta...hara! egunari hasiera doterea emateko modua, gidariaren lehioan baten batek idatzi zuen inorri kalte egiten ez dion hitz horietako bat: "Guapo". Hamalau sentitu nintzen eta indioilarren moduan eskolara abiatu nintzen.

Bizitza ikertzen duten horiek esaten omen dute historia errepikatzen dela eta batzutan asmatu ere egiten dute... Atzo berriz ere beharrera abiatu nintzen eta kotxeruntz gerturatzen ari nintzela, hantxe zegoen beste mezu berezi horietako bat aurreko kristalean oraingo honetan, bizitzan (berriro ere bizitza... berriz ere bizia) esan daitekeen gauzarik polittena: "Maitxe zaitxut!".

Harro nago, hain sekretuak ez diren miresleak edukitzeaz, ez miresle izateagatik baizik eta direna izateagatik, direnak izateagatik, sentimendu izateagatik, gehien maitatzen nauten pertsonak izateagatik, inor baino gehiago maite ditudan petsonak izateagatik.

Ezerk ez du inporta zuek hor bazaudete, zu hor bazaude.

No hay comentarios:

Publicar un comentario